Berrikuntza - Marketina
ElkarHezi
ElkarHezi ekimena Ciudad Jardin institutuak martxan jarri duen zentroen arteko elkarkidetza proiektua da. Besteak beste, Mendizabalako institutuak, UPV/EHUko Farmazia Fakultateak eta Gamarrako Ostalaritza Eskolak parte-hartzen dugu.
Proiektua garatzeko 3 lan ildotan oinarritu gara:
Batetik ikasleak. Lanbide Heziketan duela urte batzuk martxan jarritako ETHAZI eredua jarraituz, ikaskuntza aktibo-kolaboratiboaren bitartez, ikasleen arteko harremana eta ekintzailetza sustatzen da.
Bestetik, Lanbide Heziketako 3 instituturen arteko kolaborazioa ezinbestekoa da proiektua garatu ahal izateko. Bakoitzak bere ezagutza profesionalaren aldetik balio erantsi ezinhobea eskaintzen du. Gamarran Okintza, Gozogintza eta Konfiteria ikasten duten ikasleek glutenik gabeko produktuak ekoztuko dituzte; ogi eta postre hauen berria Ciudad Jardinen Marketin eta Publizitatea ikasten duten ikasleek publikatu eta merkaturatuko dute; eta Mendizabalako Produkzio grafikoaren diseinu eta kudeaketa ikasten duten ikasleek artikulu horietarako packaginga prestatuko dute.
Azkenik, UPV/EHUren laguntzaz glutena zer den ikasiko dugu, pertsona zeliakoak nortzuk diren eta elikagaien balio nutritiboa azalduko digute eta ekoiztutako produktuen kalitate kontrola burutuko dute.
Hilabeteak aurrera joan ahala, proiektuak mugarri berriak gainditzen joango da, hala nola, produktuen prototipatzea, merkaturatze diseinua, packaging proposamena, azoketan parte hartzea…
Eta hori guztia gauzatzeko ikasleen arteko elkarezagutza eta komunikazio esparruak nahitaez sortuko dira institutuetara bisitak eginez; lan bilerak antolatuz; online konexioak maiztasunez jorratuz; laborategi, sukalde eta tailerren errealitatea zein den ezagutuz…